ENPRESAREAN Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen proiektu bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin elkarlanean kudeatzen duena. ENPRESAREANen helburua da arlo bereko edo beste arlo batzuetako enpresen artean elkarlana sustatzea, esperientziak zein jakintza trukatzea eta hornitzaile berriak aurkitzea. Hori guztia, baina, euskara elementu komuntzat duten enpresa, elkarte eta entitateen artean. Era berean, ENPRESAREANen bitartez, enpresei negozio aukerak handitu nahi zaizkie eta produktu/ zerbitzu berriak sortu nahi dira, euskaratik eta euskaraz. Horrez gain, euskaraz lan egin nahi duten edo-eta zerbitzua euskaraz eskaini nahi duten organizazioei erraztasunak eman nahi zaizkie eta salmentarako gune bat eskaini. Horrek guztiak, gainera, euskararen prestigio soziala areagotzeko eta arlo sozio-ekonomikoan euskararen presentzia areagotzeko balioko du.
ENPRESAREAN, euskaraz aritzen diren enpresen arteko azoka, urriaren 23an izango da Donostiako Kursaal Jauregian. Azoka lau ataletan antolatuko da:
1. Euskarazko zerbitzuak/ produktuak eskaintzen dituzten enpresen azoka.
2. Aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak.
3. Speed-dating formatuan oinarrituta, enpresak elkar ezagutzeko coworking saioa.
4. Azoka birtuala: http://www.enpresarean.org/enpresak/azokak
Aste honetan, Biantiketik joango gara gure Kooperatibaren aurkezpena egiteko eta bertara gerturatuko diren enpresak eta pertsonak ezagutzeko asmoz.
Ordura arte!
Leave A Comment